domingo, 10 de febrero de 2013

Australiako kontu zaharrak (II)

Manuel, Edurne eta Juanjorekin. Sydney, 2002.

Zeelanda Berrian ia 8 hilabete pasa eta gero 2001eko azaroaren hasieran heldu nintzen Sydneyra. Nire hasierako asmoa Sydneyn astebete pasatzea bazen ere azkenerako ia hilabetea joan zitzaidan bertan. Lehenengo astea hiri erdiko ostatu batean eman nuen eta han Valenciako txirrindulari batekin egokitu nintzen, Juanjo, aurreko bi urteetan Europan eta, batez ere, Asian barrena ibilitakoa. Gero, Euskal Etxera joan nintzen egun batean Manuel eta Edurne ezagutu nituen eta segituan egin zidaten bere etxean egun batzuk pasatzeko gonbitea, nik pozik onartu nuena. Haiekin apurtu nuen azken hilabeteetako nire otorduen austeritatea eta baita dastatu ere Australiako ardo beltz goxoak. Sydneyra eta inguruetara hainbat txango egin genituen eta hala, egun batean, adibidez, Blue Mountains mendietara abiatu ginen, urrutitik oso itxura apala duen mendizerra baina behin bertaratuz gero hain ezdeusa ez dena; izan ere, haizpitarte, arroil eta baso zabal eta ederrez jantzitako mendi inguru ikusgarria da. Eta Manuelek hala eskatuta lanbide zaharrari ostera ekin nion eta tarte libre batzuetan, liburu eta koadernoa ondoan hartuta, saiatu ginen bere euskerari bultzadatxo bat ematen.

Manuel eta Edurne Hurlstone Park izeneko auzune lasaian bizi dira 20 bat minutura Sydneyko erdialdetik, trena hartuta. Auzoko denda eta zerbitzuak kale txiki batean biltzen dira; hantxe daude postetxea, kutxazain bat, janaridenda eta beste dozena erdi bat negozio xume. Horietako bat zapata-konpontzailearen dendatxoa zen eta haren aurretik pasatzen nintzen bakoitzean kirika egin ohi nuen, jakinminez, barrualdera. Kobazulo ilun bat zirudien eta bertan, nahas-mahasean, zapata zaharrak, larru pusketak eta zapatarien langintzako beste hamaika traste, tresna eta objektu pilatzen ziren. Egun batean sartu egin nintzen. Jabea Greziakoa zen. Kalearen bestaldean gizonezkoen ileapaindegia zegoen. Hura toki txukunagoa zen eta hari ere kirika egiten nion, bere itxura guztia, ez nekien ondo zergatik, oso etxekoa egiten zitzaidan. Hango nagusia ere greziarra zen, geroago jakin nuenez, eta grekoa eta inglesa nahasten ziren barruan, bezeroen hitz-aspertu luzeetan. Postetxeko enplegatua Asiakoa zen eta baita botikakoa ere. Izkina batean bizi zen medikua Sri Lankakoa. Eta auzotik irtenez gero, baina oso urrutira joan gabe, italiarren dendak zeuden, pizzeriak eta gazta, enbutido eta olibak saltzen zituzten janaridendak. Haginlariari ere bisita egin nion egun haietan eta hura nongoa eta Buenos Airesekoa izan! Gau batean jatetxe uruguaiar batean izan ginen afaltzen... Kultur-aniztasuna deitzen zaio horri hemen eta sarritan aipatzen den hitza da. Nik uste horrek edertzen duela Sydney beste ezerk baino gehiago, munduko puzzlearen hamaika zati, kolore eta distiren erakustaldi horrek... polita halako hiri bat.

Izan ere, gaur egun Sydneyko hiru biztanleetatik bat Australiatik kanpo jaioa da eta herrialde guztian ia laurden batek ez dauka britainar ahaiderik, ez aitaren ez amaren aldetik. Mende erdi batean, 1945az geroztik, Australiako biztanleriak jauzi ikusgarria egin zuen, 7 milioitik 18 milioira. Herri honek ateak ireki zizkien Europako etorkinei eta 1970. urterako 2`5 milioi "australiar berri" bizi ziren bertan, gehienak italiarrak eta greziarrak. Australiak jendea behar zuen bere eremu hutsak betetzeko  ("populate or perish") baina ez zuen edonor onartu. Irizpide eta muga garbi bat ezarri zuen: biztanle txuriak nahi zituen soilik. Australia Txuriaren Politikak erruki handirik gabe itxi zizkien ateak gainerakoei. 1970 urterako zirrikitu batzuk zabaltzen hasi ziren txurien gotorlekuan eta handik aurrera Asiako herrialdeetatik ere ehunka mila etorkin heldu ziren.

Kontraesana dirudi baina hala ematen du, Australiako gizartearen ezaugarria den kulturaniztasunaren ondoan erro zaharrak eta sakonak dituen beste joera bat ere bizi dela: kanpotarrenganako mesfidantzaz, aurreiritziz eta beldurrez osatutako bat. Azaroan hauteskunde orokorrak izan ziren eta agintean zegoen Howark kontserbadoreak irabazi zituen berriro. Deigarriena, ordea, zera da, Tampa-ren afera (1) gertatu baino lehen denek galtzailetzat jotzen zutela. Gertaera horrek eta horren ostekoak eman omen zion garaipena, alegia Australiara itsasoz abiatzen diren etorkinak geldiarazteko erakutsitako jarrera gogorrak. Australiako kostaldera iristea lortzen dutenen zoria ere ez da inbidiatzekoa. Asko Erdiko Ekialdetik babes bila etortzen dira eta errefuxiatuak izateko baldintzak bete arren atxilotuak izaten dira euren eskaeraren tramiteak irauten duen epe luzean. Azken asteotan espetxe hauetan ("detention centres" dute izena) gertatutako istilu eta matxinadak izan dira albiste komunikabide guztietan. Eta ia egunero egunkaria zabaldu eta inmigrazioaren eta populazioaren arazoa hortxe dago eztabaidagai
.

Australia, 2002garren urtea

(1) Tampa: hondoratzen ari zen patera-ontziko 438 errefuxiatu afganistandar erreskatatu eta gero, Australiako kostara hurbiltzen utzi ez zioten Norvegiako zamaontziaren izena. Ikus: http://en.wikipedia.org/wiki/Tampa_affair.